XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ORAI BAT GERTAKARI

Orai Bat batasuna biziki ezaguna egina zauku Baiona aldean, zer nahi haur eta gazte biltzen baititu dela kantu, dantza eta beste euskal kultur adarretan.

Horren buru aspalditik Jean Nesprias dantza erakasle eta txixtularia, aspaldiko urtetan, urte nekeetan Euskal-Herri alde honetako bide eta bidexketan ibilia dantza erakasle, dela Xiberuan, Lapurdin ala Garazin...

Bere Berrogoigarren urteburua ospatu beharra zuen joan den larunbat arratsean eta errana egin da.

Hiru mila ikusliar bildu dira gutienik gertakaria ikusteko eta hitz dautzuet ez garela enoatu.

Ikusliarren eskuzarta edo txaloek erakusten zuten bihotzetan barna sartzen zela ikusgarriaren mezua: Batasun haundi eta lankidetsu horrena.

Luzeegi laiteke bixtan dena dena xeheki aipatzea, merezi bailuke alta punduz pundu ikertzea baina beharrena ez ote da ikustea berritzapenik izan denez, ean loturak nola eginak diren eta zer gogo edo molderekin ari diren batzu ala besteak.

Ikusgarriaren idekitzea arras guztagarria iduritu zauku ikurriña gure euskal lurraren muinetarik ateratzen balitz bezala: sortze bero eta erran nahitsua.

Ondotik Herriaren agurra bezala, haur, ttipi, adineko arteko, mutiko ala neskato denek eskuz bezala egiten dutela dena kolore eta dena inguru agur luze bat.

Ondotik eman zaizkigun dantza ala kantu, denak, erran behar da ezin hobeak eta bihotzez emanak, zinez ageri zen jendeak ederki preziatzen zituela.

Batzuk ziotena beharbada egia ere: sobera gauza agertzen zela ikusgarri bakar baterako.

Halere, eta dezagun erran gostuan, hor ziren hiru mila ikusliarrek senditua zuten Orai Bat-en ikusgarri berezi hortan ez zirela epelduko bainan aitzina joaiteko indarberrituko.

Zerbait da hoinbeste jende kausitzea eta zerbait ere horrelako erakaspena hartzea berrogoi urtez ari den batasun baten partetik.

Ainitz urtez oraino Orai Bat, eta zorionak guzieri, buruzagi, dantzari, kantari, soinulari eta holako gau ederra muntatzen parte hartu duten guzieri.

Herri gizon andana bat baitzen hor jendartean, hala nola kostaldeko Destrade jaun deputatua ere, denek ikusi dukete folklorea berriz herrirat itzularaz ditaikela, hortarako nahiak eta laguntzak ekartzen balinbadira.

Pesta horren berri emaitea bururatzeko, erran behar ere, Orai Bat, Euskal-Herri osoan ezagutua balinbada, adixkideak badituela urrun ere.

Hortakotz dugu ikusi Poloniatik egin dioten eskaintza: zilarrezko haizkora bat.

Su egiteko egurra nasaiki biltzen ahalko dukete sasiak hartu oihanetan... Goresmenak berriz ere beraz deneri.

M.P.

Gure hitza

Hau ere hemen zagon bere aldiaren beha.

Azken aste hauetan leku eskasa ginuen, eta bestalde Orai Bat taldearen 40 urteak aipatuak.

Egun, ahal dugularik, iduritu zaiku bazutela xehetasun hauk ere beren lekua Herrian.

Gure goraintziekin Nesprias eta harekilakoeri!